XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ezin harro naiteke inoiz maila horretara iritsia naizenik esanda.

Hori ezean eta horren ordez, edozein modutara ere, asmatu izan dut gerora halako amarru edo sasi-modu bat erabiltzen, zera: egun txarretan bizitzarekiko axolagabezia zinikoa, eta egun onetan, aitzitik, eginbeharrarekiko txera eta atxekimendu osoa.

Baina, arriskuak denbora asko irauten ez zuen kasuetan ere, azkar asko ezkutatzen zitzaizkidan bai zinismoa eta bai eginbeharraren sentimendua, eta beraien ordez halako basatasun-eldarnio bat jabetzen zen nitaz osoki, patuarekin bat egindako gizonaren orgasmo arraro baten gisa.

Orduko neure adin hartan, adore ordi hura etengabekoa nuen.

Bizitzaz mozkorturiko izaki batek ez du heriotzarik aurrikusten; are gehiago, ez dago heriotzarik harentzat; bere keinu bakoitzarekin ukatu egiten du.

Ustekabean gainera baldin badatorkio, seguru aski ohartu ere ez bide da egiten; heriotza ez dateke halakoarentzat iharrosaldi edo espasmo-une bat besterik.

Mingostasunez dagit orain irribarre, ohartzen naizelarik gaur egun neure bi pentsamendutarik bata neure azken amaierari eskaini ohi diodala, gorputz ajeatu hau itzuri-ezinari eskaintzeko horrenbeste aitzaki-maitzaki eta itzul-minguru beharrezkoak bailiran.

Garai hartan, ordea, zenbait urte gehiagoz bizi ezik makina bat gauza galduko zituzkeen gizon gazte hark egunero arriskatzen zuen pozik asko bere etorkizuna.

Errazegia litzateke, orain arte kontatu dudana, bere liburuengatik barkazio eske dabilen soldadu letratuegi baten historia bezala ulertzea.

Ikuspegi sinplifikatu horiek faltsuak dira, ordea.

Pertsonaia ezberdinak izan ohi ziren nagusi nire baitan, txandaka-edo, batto ere ez luzaroan, aldi bakoitzean eraitsitako tiranoak boterea laster asko berreskuratzen bait zuen.

Nire barruan bizi eta aterbetzen ziren: ofizial ximena, diziplinazale porrokatua baina aldi berean gerlaren ez-eukitasunak bere menpeko gizonekin alaiki partaidetzen zituena; (...).